Oharra

Chrysallis Euskal Herria elkartetik, Ekairen heriotzaren ondoren, otsailaren 16an argitaratu genuen oharraren ildora, zeinean bere institutuan formakuntza baten beharra adierazten zen, ondorengoa argitu nahi dugu:

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu institutuko ikaskideek zein irakasleek Ekairen sexu-identitatea onartu zutela berak egoeraren berri eman bezain pronto, eta hasieratik berak aukeratutako izena erabiltzen hasi zirela; institutuko dokumentu guztietan izena aldatu zen, aurreko izenaren ordez, Ekai ezarriz. Irakasleek ikasgeletan transexualitatearen ulermena landu zutela Chrysallis Euskal Herriaren zein Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuaren aholkularitzarekin eta material didaktikoekin; eta institutuan irakaslegoarengan sentsibilizazioa landu zen.

Irakasleek formakuntza espezifikoa oraindik jaso barik zeukaten. Formakuntza hau datorren martxorako programatua dago eta Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuak eskaini behar du. Era berean, ez zen institutuko gurasoentzako formakuntzarik eman.

Gure hausnarketan azpimarratu nahi genuena hauxe zen: transexualitate egoeran dauden nesken eta mutilen akonpainamenduan, beharrezkoa eta nahitaezkoa dela Formazio Plan Integral bat jasotzea, irakasleei, gurasoei eta ikasleei zuzendua. Hezkuntza komunitate osoak transexualitatea ulertu eta errespetatu ahal izateko formazio plan hori premia larriarekin jaso behar du era koordinatu batean, eta transexualitatean adituak diren sexologiako profesionalek egin beharko lukete. Gure ustez, formazio plan integral hori, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailak bermatu beharko lukete, eta eskaera hau azken bi urteetan mahai gainean jarri izan badugu ere, oraindik ez du erantzunik jaso neska-mutil hauen premiak asetzeko moduan.

Ekairen amak dioen moduan, “Ekai onartua izan zen bere institutuan hasieratik”. Eskerrak eman nahi dizkiogu ikastetxeko arduradunei Ekai akonpainatzen egin duten lanagatik, eta baita institutuko Ekairen ikaskideei, aniztasuna ulertzeko eta onartzeko erakutsi duten gaitasunagatik. Eta batez ere Ekairen ondoan egon izanagatik.

Negar-malkotan

Otsailaren 15eko goizean Chrysallis Euskal Herria taldeko familiek albisterik beltzena jaso genuen gure poztasun eta tristurak partekatzeko dugun whatsappean. Anak bere 16 urtetako semea Ekai hilik topatu zuela esaten zigun.

Anaren eta Elaxarren min amaigabea gurea da ere, gureak diren bezala haien borrokak. Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka, Gurutzetako “genero unitatean” inoiz heldu ez zen behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko borroka, institutuan bere errealitatea ulertu eta ondorioz errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borroka… Eguneroko borroka asko. Nerabe batentzat gehiegi oraingoan. Borroka hau gizarte osoak galdu dugu eta Ekairi ezin dio inork bizitza itzuli.

Baina aurrera jarraituko dugu. Ekaiengatik. Gurutzetako ospitalean behar duten tratamendua jasotzeko oraindik zain daudenen neska-mutilengatik. Izen-aldaketa ukatua izan dutenen neska-mutilengatik. Direnak izatea behin eta berriro ukatzen zaien ume eta gazte guzti horiengatik. Atzetik etorriko direnengatik. Babestuko dituen lege baten alde. Aniztasuna ulertu eta onartzen duen gizarte informatu baten alde, neska-mutil hauek dituzten ahalmen guztiak garatzea ahalbideratuko duena. Neska-mutl hauek bizi ahal daitezen. Inoiz, inork, Anak eta Elaxarrek duten mina izan ez dezan.

Malkoak begietan eta bihotza urraturik, Ana, Elaxar eta familia, maite zaituztegu.

Haurren transexualitateari buruzko ikus-entzunezko ikasmateriala

Haurren transexualitatea haurrekin lantzeko berariazko lehendabiziko ikus-entzunezko ikasmateriala aurkezten dugu: “Zakila duten neskak. Bulba duten mutilak. Aniztasunaren adierazpen bat”

8 minututako iraupena duen ikus-entzunezko honen helburua haurren transexualitatea aniztasunaren aierazpen bat gehiago bezala ulertzea da. Bertan euren identitatea onartua izan denez, bizitza zoriontsua bizi duten hainbat benetako haurren irudiak agertzen dira. Neska eta mutil hauen familiak Chrysallis Euskal Herria elkartekoak eta Fundación Daniela-koak dira.

Ikus-entzunezko material hau bereziki erabilgarria izan daiteke ikasgeletan transexualitatearen errealitatea lantzeko, baita familia artean ikusteko ere. Iaz argitaratu genituen fitxa didaktikoen osagarria da. Sare sozialen bidez munduan zehar zabaldu ziren fitxak eta jasotako eskaerei erantzuna emateko 8 hizkuntzetara itzuli ziren.

Ikus-entzunezko materiala hemen ikus daiteke eta hemendik kalitate handian jeitsi daiteke.

Jeistea eta erabiltzea libre eta dohainekoak dira.

Ikastetxeei, liburutegiei, ludotekei… gonbite egiten diegu maiatzaren 17an, transfobiaren aurkako egunean bideoa proiektatu dezaten haurren artean errealitate horren hausnarketa sortzeko bide bezala, transfobiari aurre egiteko modurik onena ezagutza zabaltzea delako.

Bost bertsio sortu ditugu. Kalitate handian jeisteko, klik egin ondoko estekatan:

Eta hemen duzu bost bertsioak zuzenean ikusteko aukera gure Youtube-ko kanaletik:


.



.


 

Babes adierazpenak Chrysallis EH-ren kanpainaren alde

Hemen bildu nahi ditugu jaso ditugun babes keinuak (adierazpen instituzionalak, alderdi politikoen eta hainbat esparruetako elkarteen jakinarazpenak, blog eta egunkarietako artikuluak, diseinu grafikoaren mundutik ekarpenak…) “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” kanpainaren alde eta kanpainak jasandako Facebooken zentsura absurdua eta kanpainaren kontrako eraso bandalikoak salatuz. Adierazpenek, eraberean, babesa ematen diote Chrysallis Euskal Herria elkarteari eta egiten dugun lan eskergari, eta batez ere transexualitate egoeran dauden haur eta gazteei eta haien familioi.

Hainbeste babes mezuren artean, agian baten bat jaso gabe gelditu zaigunez, hala bada, ez zalantzarik izan, idatziguzu mezu bat info@chrysalliseh.eus eta gehituko dugu. Gainera, babes mezu gehiago jaso ahala, post honetan gehitzen joango gara.

Milesker zuen babes eta maitasunagatik, haiekin indarrez betetzen baikara haur eta gazte hauen zoriontasunaren alde lanean jarraitzeko.

Adierazpen instituzionalak

Alderdi politikoen jakinarazpenak

Sexologiako elkarteen eta profesionalen jakinarazpenak

Elkarteen jakinarazpenak

Kanpainari babesa kartela jarriz

Kanpainaren osteko ekimenak

Sare sozialen bidez elkarteen, alderdi politikoen eta beste entitateen babesa

Babesa blog eta iritzi artikuluetan

Babesa diseinu grafikoaren mundutik

Eta eskertu nahi ditugu ere jasotako norbanakoen babes mezu ugariak: Adela Gonzalez (ETBko kazetaria), Josebe Iturriotz eta Kattalin Miner (mugimendu transfeminista), Porrotx… eta ehundaka pertsonek jakinarazi diguzue gure ondoan zaituztegula mundu bidezkoagoa, ederragoa eta gizatiarragoa egiten jarraitzeko. Guztiontzako mundua. Norbera den bezalakoa izan ahalko duen mundua.

Aurreiritzien aurrean, ezagutza

Honako baieztapena egiten dugu “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” kanpainan :

“Haurtzaroan bere identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidio-saiakeren tasa %41ekoa da.
Adingabe transexualekin berriki egindako ikerketek agerian uzten dute haien identitatea errespetatu eta laguntzen denean, bizi-kalitatearen eta zoriontasun mailaren adierazleak adin bereko gainontzeko biztanleen antzekoak direla.”

Bi baieztapen hauek nazioartean argitaratutako artikulu zientifikoetan oinarrituta daude.

Heldu transexualen %41eko suizidio saiakera datua honako ikerketatik jasotakoa da:

Injustice at every turn: A report of the national transgender discrimination survey
JM Grant, L Mottet, JE Tanis, J Harrison, J Herman, M Keisling.Washington: National Center for Transgender Equality and National Gay and Lesbian Task Force, 2011.
http://endtransdiscrimination.org/PDFs/NTDS_Exec_Summary.pdf
Informe completo (Full report) aquí:
http://www.thetaskforce.org/static_html/downloads/reports/reports/ntds_full.pdf

“A staggering 41% of respondents reported attempting suicide compared to 1.6% of the general population”

Transexualitate egoeran dauden haurren bizi-kalitatea eta zoriontasuna, beren identitatea errespetatua izan eta laguntza jaso duten kasuetan, beren adin bereko populazioaren antzekoa denaren baieztapena, ondoko ikerketatik jaso dugu. Ikerketa honek transexualitate egoeran dauden 3 eta 12 urteren arteko, eta sentitzen duten identitatearen arabera bizi diren 73 haurren lagina aztertzen du:

Mental Health of Transgender Children Who Are Supported in Their Identities
Kristina R. Olson, Lily Durwood, Madeleine DeMeules and Katie A. McLaughlin. Pediatrics 2016.
http://pediatrics.aappublications.org/content/pediatrics/137/3/e20153223.full.pdf

“Socially transitioned transgender children who are supported in their gender identity have developmentally normative levels of depression and only minimal elevations in anxiety, suggesting that psychopathology is not inevitable within this group. “

Bi argitalpen hauek beste hainbat emaitza interesgarri ere aurkezten dituzte, eta gehiago jakin nahi duena irakurtzera gonbidatzen dugu.

Eta, noski, errealitate hau eremu zientifikotik hobeto ezagutua izan dadin, orain arte egindako ikerketetan ateratako emaitzak gerora ateratzen joango diren beste ikerketen emaitzekin egiaztatzea beharrezkoa izango zaigu.

Haur eta gazteen transexualitateari buruzko eztabaida, zehaztasun zientifikoz egindako ikerketa eta ikasketen ondorioz jasotako datuetan oinarritutakoa izatea da gure desioa eta nahia, eta ez aurreiritzi eta ideologietan oinarritutakoa.

Hauxe da “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” kanpainaren helburua: transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen errealitateaz hitz egin dadila, ikertua, ezagutua eta ulertua izan dadila. Neska eta mutil hauei behar bezalako laguntza eskaini ahal izateko, lasai eta zoriontsu hazi daitezen. Gainontzeko neska-mutilak bezala.

 

 

 

Chrysallis EHren kanpainaren aurkako erasoak direla eta

Errealitate oso zehatz baten inguruan lan egiten dugun guraso elkarte txiki bat gara: transexualitate egoeran dauden haurrena. Maitasunez eta euren beharretan sostengu emanez laguntzen ditugu bidean. Gure elkartean sentsibilitate politiko eta erlijioso guztietako familiak gaude, baina gure seme-alaben zoriontasunaren aldeko borrokan bat egiten dugu.

Oinarrizkotzat jotzen dugu errealitate hori ikusgai egitea gizarteak ezagutu dezan eta horrela, errespetatuak eta lagunduak izan daitezen. Horixe da martxan jarri dugun kanpainaren helburua: hitz egitea, elkarrizketa sortzea eta ezagutzan sakontzen joatea, errespetutik, ikerketatik eta zehaztasun zientifikotik.

Kanpainaren aurka egin dutenek beste eztabaida bat jarri dute mahai gainean. Pertsona guztientzako eskubide guztien errespetuaren eta adierazpen askatasunaren aurka egin dute eta horri erantzutea beste eragile politiko eta sozial batzuei dagokie.

Mila esker jasotako babes erraldoiagatik.

 

(Chrysallis Euskal Herriaren adierazpen hau jeisteko, klik egin hemen)